Zer da VASFUN?
Proiektu honen helburu orokorra da kategoria funtzionalak diren partikula modalek, ezeztapenak eta konplementatzaileek adierazten dituzten funtzio semantiko eta sintaktikoak xeheki ikertzea. Elementu hauek oro har perpausaren ezker periferian kokatzen dira, eta gehienetan aditz jokatuaren ondoan, klitiko gisa.
Ulertu nahi dugu zein den euren ekarpena perpausaren interpretazioan, zein den euren egitura sintaktikoa eta, areago, nola dauden euren artean hierarkikoki antolatuta, hartara morfema horien hurrenkera jakin batzuk zergatik diren ezinezkoak azaltzeko. Azken xedea da analisia beste gramatika (hizkuntza) batzuetara ere zabaltzea eta egiaztatzea nola formalizatu daitekeen antzematen dugun hizkuntzen arteko bariazioa. Hiru kategoria funtzionalak hauexek dira: (1) partikula modalak edo diskurtsiboak, hala nola ahal, ote/ ete, al (hizkera jakin batzuetara mugatuta), bai-ezko galderetako ipar-ekialdeko -a, eta omen eta ei partikula ebidentzialak; (2) ez ezeztapen morfema; bereziki gainerako partikulen eta aditz jokatuaren aldean erakusten duen hurrenkerari erreparatu nahi diogu; eta (3) menderagailuak edo konplementatzaileak, aditz jokatuari (atzetik) itsasten zaizkion klitikoak. Kategoria funtzional hauetako bat edo beste zatika edo atalka aztertzen duten ikerketak badaude ere, proiektu honen berrikuntza da azalpen sintaktiko bateratua eman nahi diogula hiru elementu funtzionalen jokabideari eta, batez ere, hiruren arteko (bateraezintasunaren iturri izan daitekeen) interakzio eta banaketari.
Zehazki, honako galdera deskriptibo eta teorikoei heldu nahi diegu:
a. Zergatik onartzen dute konplementatzaile batzuek aditza bi hurrenkeratan agertzea ezezko perpausetan eta beste batzuek, ez?; eta zein dira bi aukerak baldintzatzen dituzten faktoreak? Honekin lotuta, nola azal dezakegu historian zehar aditz jokatuak ezezko perpausetan erakutsi duen hurrenkeraren aldaketa?
b. Zein partikula diskurtsibo ager daitezke batera perpaus berean eta nola eragiten du haien agerpen bateratuak perpaus-egituran eta interfaze interpretatiboan?
c. Zergatik dira zilegi konbinazio batzuk hizkera batzuetan eta ez beste batzuetan, eta nola lotzen da hori gramatika unibertsalak ustez ahalbidetzen dituen aukerekin?
d. Nola ulertu behar da bi kategoria funtzional bereizik (moduak eta konplementatzaileek) funtzio bera izatea? Zer dago bariazio honen atzean?
e. Zein ekarpen egiten dio euskararen azterketak elementu funtzional hauen ezagutza orokorrari? Eta nola baldintzatzen ditu gramatikak, oro har, hizkuntza beraren barruko mikrobariaziorako aukerak
Galdera hauek euskal gramatikari ukitzen diote bete-betean, baina hizkuntzaren teoria orokorrari eta tipologiari ere eragiten diete; horregatik, ikerketaren emaitzak bai bertako bai kanpoko komunitate zientifikoari zabalduko zaizkio.